XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SANTA AGEDA

Otsailleko lauaren arratsaldea aurrera dijoa.

Gaur Santa Ageda bespera, eta gaur euskal eztarriak euskeraz abestuko dute, asaba zarren oiturak berriztuaz.

Ementxen nago leioan iñor ikusiko ote detan.

Egualdiak laguntzen die, zerua garbi laño zipitzik gabe, aizea otz xamarra, baña euskaldun gazteak ez dauka otzaren bildurrik eta batez ere orrelakoetan, kale ta mendietan, saltoka ta oiuka ibilli bear dutenetan.

Ez du ematen gaur gaberatzean izatasunak lotaratzeko usterik daukanik, gero ta soñu, oiu ta abesti ots aundiagoak.

Oraintxen dijoa eguzkia mendi tontorretatik agur egitera.

Geldik egoten beintzat otz egiten du eta obe det leioa itxita sukaldera juatea.

Baña santaeskaleak ez ote dira ba gureraño iritxiko?

Zer! Bai, nunbaiten urruti ez dala badira.Ara! or nun datozen aldapan betigora.

Eguzkiaren azkenengo dizdiz motelak ederki argitzen die arpegia.

Amaitu dira.

Danak gazteak, musu gorriak, oien arpegiak ez dute erakusten otzaren berririk.Oiñak ariñak, pauso luze ta bizkorra dakarkite; oiu ta soñu ari dira gerturatzen.

Azkenik emen ditugu atarian: Eupa mutillak!!! Ori bai ori!!! Bota, bota bildurrik gabe.

Esku-soiñua daukanak ederki jotzen du ta pandero zale abil eta abeslari trebeen paltarik ez du noski.Oien abestiak etxekoneko paretan jo ta urrutira dijoaz galtzen.

Auetxek dira egizko euskaldunak! Gure asabak ere orrelaxe ibilliko ziran.

Jantziak ere dotoreak dituzte.Kolorido bikaña osatzen dute danen artean.

Danak txapel aundi bana, lepoan milla koloretako buko pañueloak, blusa aundi bat batzuk eta besteak kaikua.

Trapuzko gerriko luze, batzuk gorri edo urdiñak.

Praka urdiñak barrenak balaunetañoko artillezko galtzerdietan sartuta.

Oiñetan abarkak sokak galtzerdien gaiñean belaunetaraño bilduta.

Eman zaieten dirua ta ardo pixkabat artu ta berriz ere beste leku batera or dijoaz salto ta irintzika.

Auek orrela ikustean, gure asaba zarrak eta bere oiturak oroitzen zaizkit biotzean kili-kili egiñaz.

Urteen gain edo bear bada gizaldien gain egan egin det.

Ordungo euskaldunen artean arkitu naiz alkar-izketan.

Gauza auek orrela oroitzen nagoala, otza bururatu ere etzait egin; baña orain... obe sutondora joan...

segurola - bostgarrengoa -